Albisteak

Fotoma(ra)toia!

Instalazioen gunean zegoen Fotoma(ra)toiak oroigarri ederra utzi digu. Jende mordoa pasa zen bere buruari argazkia egin eta nahi zuen emailare bidaliz. Hementxe duzue bisitariek egindako hainbat argazkiekin egindako collagea (sartu berrian collage osoa ikusteko).

Milesker guztioi!

Hurrengora arte XARE!

XARE azoka jaialdiaren beta edizioari amaiera eman zaio. Euskal kultura digitalarekin zerikusia duten hamaika ekitaldik hartu dute bi egunez Donostiako  Kursaal. Denetarik egon da gozagarri, denetarik betiere euskal kultura digitalarekin zerikusia duena. Hala, mahai-inguruak, hitzaldiak, zuzeneko emanaldiak, multimedia instalazioak, kontzertuak etabar gozatu ahal izan dituzte bisitariek.

Beta edizioa izanik, laster lehenengo edizio bati emango diogu ongi etorria. Bitartean, XAREk sarean jarraituko du.

#zabaldu XAREa!

XAREko aurkezpen ekitaldia

XAREko aurkezpen ekitaldia

XAREK ateak ireki ditu

XAREk gaur goizean ireki ditu ateak. Inaugurazio ekitaldian Donostiako alkate Juan Karlos Izagirre, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarterako Sistemen zuzendari Lore Martinez Axpe, Azkue Fundazioko zuzendari Rodrigo Gartzia, Kutxako Gizarte Ekintzako ordezkari Iñaki Altuna eta XAREko koordinatzaile Iñigo Martinez izan dira.

Egitaraua kalean dago jada

Hiru egun besterik ez dira falta XAREk ateak irekitzeko, eta egitaraua kalean dago jada. Gaur goizean aurkeztu dute DJ Makalak eta azokako koordinatzaile Iñigo Martinezek Donostian, eta oso harrera ona izan du.

Hilaren 23 eta 24an, 11.00etatik 14.00etara eta 16.00etatik 20.00etara mahainguruak, hitzaldiak, multimedia instalazioak, ikus-entzunezkoak, ikastaroak eta abar izango dira Donostiako Kursaalen gozagarri. Besteak beste, eta “E-gitasmoak” ekimenaren barne, Euskal Herriko hainbat enpresek beren azken lanak aurkeztuko dituzte (EITB, Elhuyar, Euskaljakintza...).

Ikastaroek toki mugatuak dituzte

XAREn eskainiko diren ikastaro guztiak doakoak dira eta toki mugatuak dituzte. Hala, izena eman nahi dutenek lehenbailehen info@xare.eu helbidera idatzi beharko dute interesatzen zaien ikastaroa adieraziz.

Reactable instalazioa probatzeko parada

XAREk gune berezi bat edukiko du hainbat multimedia instalazioekin, eta bertan, bisitariek esperientzia interaktiboak edukitzeko aukera izango dute. Esaterako, Reactable, Björk musikariak ezagutzera eman zuen musika-mahai instrumentua, guztion eskura izango da. Azaroaren 23 eta 24an, goizeko 11.00etatik iluntzeko 20.00ak arte, hamar laguneko taldeetan ordu erdi inguruko saioetan parte hartzeko aukera egongo da. Teknikari batek oinarrizko azalpenak emango dizkie bisitariei, hauek musika-mahaia beren kabuz proba dezaten.

RIP!: A remix manifesto filma, euskaraz azpititulatuta

Ikus-entzunezkoek ere izango dute Azokan beren txokoa. Besteak beste, RIP!: A remix manifesto filma euskarazko azpitituluekin ikusi ahal izango da. Brett Gaylorrek 2008an zuzendutako dokumentalean Creative Commons-eko fundatzaile Lawrence Lessig, Gilberto Gil edo Cory Doctorow pop kulturaren kritikaria parte hartzen dute, beste pertsonaia batzuen artean.
Ostiralean, Gaztezulo III bideo-lehiaketan parte hartzen duten bideo guztien erakustaldia eskainiko da eta larunbatean sari banaketa egingo da. Honetaz gain,  Elurmalutaren Sei Track zuzenekoa edo Internet bidezko Nontzefilmak lehiaketako euskarazko bideoak ere izango dira gozagarri. 

PIAS diskoetxeko Geoff Muncey gonbidatu

PIAS diskoetxeko Erresuma Batuko zuzendari  Geoff Muncey izango da, Peter Thompsonen ordez, iraultza digitalak musikagintzan eragindako lurrikara eta irekitako bide berriak mintzagai izango dituen gonbidatua.

Luzea da Munceyk musikaren esparruan egin duen ibilbidea. 1983 urtean estreinatu zen Pinnacle Records-en eta, harrez geroztik, askotariko diskoetxetan aritu da kudeaketa eta promozio lanetan. Besteak beste, 90eko hamarkadan, Björk musikari islandiarra mundu mailan ezagutzera emateko kanpainetan lan egin zuen.

Munceyren ekarpenaz gain, Crowfunding, egile eskubideak edo Sareak sortu dituen kontsumo molde berriak izango dira, beste askoren artean, XAREko mahai inguru eta hitzaldietan jorratuko diren gaiak.

Hitza, gune soinudunak sortzeko jolasa

Ostiral eta larunbatean, goizeko 11.00etatik iluntzeko 20.00ak arte, Hitza instalazio interaktiboarekin jolasteko parada izango dute Kursaalera bertaratzen direnek.

Etengabe aldatzen doan instalazio biziduna da Hitza. Estruktura higikor bat da funtsean. Bertan, gune soinuduna sortuko duten fitxak zintzilikatzen dira. Jolasa da eta jolasa izanik, askatasun gune batekin egingo dute topo bisitariek. Tentagarria irudituko zaie eta, nahitaez, jolasean parte hartuko dute. Pertsona bakoitzak soinu edo hitz bat fitxa batean grabatuko du. Fitxa hori estruktura higikorreko edozein tokitan ipiniko du eta bere grabazioaren emaitza entzun ahal izango da. Hala, gune soinudunak sortuko dira grabatutako hitz, zarata eta soinuekin. Agian esaldi edo doinuak entzungo dira. Ziurrenik zarata eta kaosa.